BLOGA

TRADIZIOA
2016 eka. 17

San Joan gaua Euskal Herrian: hainbat proposamen

San Joan gaua Euskal Herrian: hainbat proposamen

Oso da antzinakoa udari ongietorria egitea, iluntasuna eta antzutasuna atzean utzi eta argitasunari eta oparotasunari ateak irekitzea. Gure arbasoek eguzkia lurraz erabat maiteminduta zegoela ere uste omen zuten, horregatik ez omen zela joaten. Eta hori ospatzen hasi omen ziren.

 

Kontuak kontu eta istorioak istorio, munduko mila tokitan, eta Euskal Herrian ere bai, ospatzen da udaren etorrera; San Joan gaua, urteko gaurik magikoena.

 

Euskal Herriko ia bazter eta txoko guztietako protagonista izango dira ekainaren 23an sua, dantza, eta, batez ere, magia. Guk hemen datorren ostegun ilunabar eta gauerako proposamen batzuk dakarzkizuegu, xarma berezia dutela irudituta.

 

Tolosa (Gipuzkoa)

Herriko jaietan izaten da Tolosa San Joanetan, Gipuzkoako beste zenbait herri bezala: Hernani, Andoain, Arrasate, Eibar…

 

San Joan gaua ospatzeko hainbat ekitaldi antolatzen dituzte Gipuzkoako hiriburu ohian. Besteak beste, udal korporazioa bera ere suaren bueltan dela, Udaberri dantza taldeak eta Tolosako musika bandak San Joan zortzikoa interpretatuko dute.

 

San Joan eguna bera ere ekitaldiz betea izaten da Tolosan. Eskopeteroak, San Joan alardea edota Bordon Dantza, Tolosan San Joan egunez dantzatzen den Ezpata Dantzaren aldaera bat, dira horietako batzuk. Herria bera ere apainduta egoten da: balkoiak zapiekin eta kaleak lizar hostoekin.

 

Guardia eta Agurain (Araba)

"Cachimorro" ateratzen da kalera dantzariekin San Joan bezpera arratsaldean, Guardian. Bere janzkera koloretsuagatik bereiziko dugu “Cachimorro”.

 

Alkatearen eta udal ordezkarien bila joaten dira udaletxera eta haiekin egiten dute herriko plazarako bidea. Bertan, Guardiako bandera jaisten dute. Horren ondotik, lore eskaintza egin eta bandera San Joan elizara eramaten dute udal arduradun, dantzari eta dultzaineroek, amabirjinaren alboan uzteko. Banderaren Tremolazioa deitzen diote ekitaldiari.

 

Aguraingo San Joan bezperako gauak ere merezi du bere aipamena. Izan ere, ez da surik izaten egun horretan Agurainen. Makal bat zutitzen dute herriko plazan San Joan bezperan eta sua abuztuaren 29rako uzten dute, San Joani lepoa moztu zioten egunerako (día de San Juan “degollao”).

 

Torralba del Río (Nafarroa)

Torralba del Ríon ere izaten da sua San Joan bezperan, baina ez da hori herriko festetako interesgune nagusia. Juan Lobo, herrian eskultura ere baduen bailara hartako Erdi Aroko bidelapur ezagun bat, nola harrapatu eta epaitu zuten antzezten dute herritarrek San Joan egunaren bueltan. Aurten, ekainaren 25ean.

 

Han ibiltzen dira herritarrak bidelapurraren atzetik, azkenean putzu batean erabat inguratu eta uretan harrapatzen duten arte.

 

Garai hartako kronikek diotenez, egiazko bidelapurra harrapatzetik herrira bueltatu zirenean, urmaelaren bueltan jarri eta harrapaketan jardun zirenen artean bajarik ez zela izan frogatzean dantzan hasi omen ziren.

 

Gertakari hori izan omen liteke Baltsaren Dantzaren (“Baile de la Balsa”) jatorria. Dantza horixe da eguneko beste interesguneetako bat. Bertan, Juan Loboren harrapaketa, epaiketa eta hiltzea errepresentatzen dituzte.

 

Bakio (Bizkaia)

Xarma berezia du Gaztelugatxen, Eneperi jatetxearen inguruan, egiten den San Joan suak; suaren magiari paisaiarena eta espektakuluarena gehitzen baitzaio.

 

Urtero ikuskizun ireki bat prestatzen dute Eneperi jatetxekoek San Joan gauerako. Aurtengoan Deabru Beltzak konpainiaren espektakulua izango da ikusgai, antzerkia eta piroteknia uztartzen dituen ikuskizuna.

 

23:00etan hasiko da jaia eta urtero legez, lamiak jendartean ibiliko dira ikusleek papertxoetan idatzitako beren desirak jaso eta su-metan sartzen. Hori eginda, “sua” ri dei egingo zaio eta Akerrek piztuko du sutzarra bere magiaz.

 

Astondoa pirotekniaren emankizunarekin eta Imanolen “Lau Haizetara” abestuz emango zaio amaiera jaiari goizeko ordu txikitan.

 

Jende andana biltzen da inguru haietara San Joan gauaz gozatzera: 2000 pertsonatik gora espero dituzte aurtengoan ere.

 

Zuberoako hainbat herritxo

Iparraldean ez da hain ohikoa San Joan gaua ospatzea eta hori errekuperatzeko lanetan dabiltza, adibidez, Zuberoako hainbat elkarte eta herri. Besteak beste, honako herrietan pizten dute sua: Maulen, Atharratzen, Urdiñarben, Barkoxen, Muskildin eta Larrañen. Mendialdean, muinoetan, pizten dituzte suak. Sua ez beste argirik gabe izarrei begira egoteko aukera aparta honakoa.

 

 

Argazkia: Berria egunkaria

PARTEKATU POST-A