BLOGA

BESTE
2015 uzt. 7

Txikiplan, haur eta familientzako Bilbo eta inguruko aisia-proposamenak biltzen dituen doako aldizkaria

Txikiplan, haur eta familientzako Bilbo eta inguruko aisia-proposamenak biltzen dituen doako aldizkaria

Azkena Bilbora joan ginenean topatu genuen Txikiplan, adin guztietako haur eta familientzako Bilbo eta inguruko aisia-proposamenak biltzen dituen doako aldizkaria. Azkuna Zentroan, Alhondigan, topatu genuen. Kuriositatez, etxera etorri eta lasai bistadizo bat eman genion eta interesgarria iruditu zitzaigun oso. Hemen xehetasun gehiago zuetako batzuentzat ere erabilgarria izan daitekeelakoan.

 

Bi hilabetekaria da Txikiplan aldizkaria. Aldizkari mardula da. Besteak beste, bi hilabete horietako ekintza eta ekitaldirik nabarmenenak, haur eta familiei zuzendutako egitasmoen agenda oso xehatua, heziketa, kultura, aisia, osasuna edo erosketei buruzko artikuluak, eta hainbat ipuinen gomendioak topatuko dituzu bertan. Txikiplan aldizkariko edukirik gehienak gazteleraz daude, euskarazkoak gutxiago dira. Nahi izanez gero, hemen deskarga dezakezu Txikiplan aldizkariaren azken alea.

 

2011ko urrian jarri zen martxan Txikiplan aldizkaria eta orduz geroztik, bi hilabetero bi hilabetero, 8000-10000 ale atera eta Bilbo eta inguruko ohiko puntuetan banatzen da erabat doan.

 

     - Bilbo: Azkuna Zentroa, Arkeologi Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Fnac Bilbao, udal libutegiak, foru liburutegia, Sopa de Sapo haur liburu-denda, Elkar liburu-dendak, Jakinbide liburu-denda, Kai liburu-denda eta Rekalde aretoa

     - Portugalete: Santa Clara kultura-etxea, Bizkaiko Zubia eta Rialia Industriaren Museoa

     - Getxo: Txikiplan gunea

     - Algorta: Itxas Ikus liburu- eta paper-denda eta Elkar liburu-denda

     - Gernika: Euskal Herria Museoa

     - Bilbo, Bakio, Barakaldo, Gorliz, Getxo, Plentzia, Portugalete, Santurtzi eta Sopelako turismo bulegoak

 

Txikiplan-en iragartzen diren lekuetan ere eskuragarri egon ohi da aldizkaria. Hala nahi duenari emailez ere bidaltzen zaio, nahikoa da txikiplan@serviciosculturales.com helbide elektronikora eskaera bidaltzea. Jada 500 familia baino gehiago dira Txikiplan aldizkaria formatu digitalean jasotzen dutenak, aldizkaria bera kalera atera aurretik.

 

SIC enpresaren egitasmoa da Txikiplan aldizkaria. SIC enpresa heziketa-, kultura- eta aisia-kudeaketa enpresa bat da eta ekintzak antolatzerako garaian ohartu omen ziren Bilbo eta inguruko familiek zailtasunak zituztela beren aisialdian haurrekin zer egin zezaketen jakiteko. Horregatik sortu omen zuten Txikiplan aldizkaria, aisia aukera horiek guztiak biltzen zituen bi hilabetekaria. Bejondeiela!

 

Gehiago jakiteko, bisita ezazu Txikiplan-en facebook-a.

PARTEKATU POST-A