BLOGA

GASTRONOMIA
2015 urr. 18

X. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa

X. Euskal Herriko Pintxo Txapelketa

Euskal Herriko Pintxo LehiaketakAmstel Oro Pintxo Lehiaketak, hamargarren edizioa izango du aurtengoa. Ohi legez, Hondarribiako (Gipuzkoa) Itsas Etxe auditorium-ean jokatuko da, datorren urriaren 19tik 21era. Eta, aizue, gu han izango gara kuxkuxean, gure saltsan. Antolatzaileek streaming bidez emango dute lehiaketa eta gu ere arituko gara erreportari lanetan. Zuek ere gertura zaitezkete nahi izanez gero, ikuskizuna zuzen-zuzenean ikustera; sarrera doakoa da :)

 

Pintxoen, gure-gureak ditugun mokadu txiki goxo horien, urteko hitzordurik garrantzitsuena bihurtu da Amstel Oro Pintxo Lehiaketa eta aurtengoan, Euskal Herri guztiko 80 bat sukaldarik hartuko dute parte bertan. Parte hartzaileak zein epaimahaikideak sona handiko sukaldariak izan ohi dira, Michelin Izarra duen Martin Berasategi sukaldaria kasu.

 

Parte hartzaileek momentuan bertan sukaldatzen dituzte beren mokadu goxoak, epaimahakideen eta Itsas Etxe auditorium-era gerturatzen den ororen begiradapean. Aipatu bezala, doakoa izan ohi da sarrera eta hala nahi duen oro gerturatu daiteke bertara. Egia esan, ikuskizuna ziurtatuta egoten da. 

 

Urriaren 19an eta 20 goizean, lehiaketan izena eman duten 75 sukaldariak arituko dira lanean. Astearte arratsaldean, 75 sukaldari horietako 21ek eta Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko pintxo lehiaketak irabazitako beste 5 sukaldarik semifinala jokatuko dute. Horietatik hamar onenak pasatuko dira asteazkeneko, urriak 21, final handira.

 

Iaz, Huarteko (Nafarroa) Abaco jatetxeko Jesús Íñigo eta Nerea Sistiagaren "Arrokako Sardina" pintxoarentzat izan zen sari nagusia (argazkian). Ea aurtengoan zeinentzat izaten den ohorea. Gu han izango gara eta zu ere gonbidatzen zaitugu bertara!

 

Informazio gehiagorako: www.campeonatodepintxos.com · Facebook · Twitter

PARTEKATU POST-A