BLOGA

KULTURA
2016 urt. 8

Zuberoako maskaradak, erritua eta irria

Zuberoako maskaradak, erritua eta irria

Eguberriak bukatu orduko, Inauteriak ate joka ditugu aurtengoan. Asteburu honetan, urtarrilak 10 igandea, hasiko dira maskaradak Zuberoan.

 

Urtero herri bateko gazte-talde bat arduratzen da maskaradak antolatzeaz eta Söhutakoen txanda da aurten. Tradizioari jarraiki, lehen emanaldia herrian bertan egingo dute eta apirila bitarte, igandero, Zuberoako 13 herritan arituko dira maskaradak eskaintzen.

 

Aurrera jarraitu aurretik, egin dezagun historian pixka bat atzera. Maskaradek jatorri ezezaguna eta zaharra badute ere, jakin badakigu XVII. menderako ospatzen zirela eta ez direla inauteri-dantza soilak, jendartearen isla garbia baizik: garai bateko zein gaur egungo liskar eta ezinikusiena, kezka eta buruhausteena, harremanena. Hara zer topatuko duzun Zuberoako maskaradetan.

 

Bi taldetan banatzen dira pertsonaiak: Gorriak eta Beltzak. Bertakoak, nobleak, langileak, zintzoak, garbiak, heziak, umilak eta ongi jantziak dira lehenak; kanpotarrak, herritar xumeak, arloteak, alferrak, zikinak, harroak, bihurriak eta lotsagabeak, berriz, bigarrenak.

 

Herriko dantzaririk trebeenak dira Gorrien buru eta maskaradako protagonista nagusi, herriaren ohorea eta izen ona beren ardura baita. “Aitzindari” izenez ezagutzen dira:

 

     - Txerrero. Ilaran aurrena, zaldi buztana eskuan eta zintzarriak soinean, oztopoak baztertzen eta izpiritu gaiztoak aldentzen

     - Gathüzaina. Pantografoa altzoan, zirikatzaile

     - Kantinersa. Dantzari finen taldeko emakumea

     - Zamalzaina. Erdi-gizon, erdi-zaldi; maskaradako protagonista nagusia eta dantzari finena

     - Enseinaria. Zuberoako bandera eskuan, Aitzindarien taldea ixten

 

“Kortejua” dute lagun: Jauna eta Anderea eta Laboraria eta Laborarisa. Baita Kükülleroak, Marexalak eta Kerestuak ere, aitzindariei testigua hartzen joango zaizkien dantzari hasiberriak eta Zamalzainen ferratzaileak eta zikiratzaileak, hurrenez hurren.

 

Guztia behar bezala, fin, txukun eta soseguz egitea da Gorrien ardura; dantzan, hitzik erabili gabe. Beltzena da hitza eta kantua, beren kezka, buruhauste nahiz injustiziak plazaratzeko. Xorrotxak, Buhameak eta Kauterak, Beltzak, Gorrien eta ikusleen artean ibiltzen dira jolasean, lasterka eta oihuka. Adi ibili, beraz.

 

Xorrotxak zorrotzaileak dira. Buruan katagorridun kapela eramaten dute eta Beltzen taldeko aurrelariak dira. Berena da maskaradako kopla, bertso eta kantuen ardura.

 

Buhameak eta Kauterak, perzkinak ofizioz, antzezlaneko kiderik zikin eta itsusienak dira. Haiek aritzen dira kritika sozialaz. Jaunaren sos batzuk lortzeko borrokan dabiltzala, Pitxu, maskaradako pertsonaia xelebre eta zarpailena, azpian hartu eta hil egiten dute. Medikuak, Bedeziak, berpiztu egiten du gero, neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera irudikatuz.

 

Egun guztiko jaia

 

Goizean, maskaradako gazteek barrikada bat gainditu behar izaten dute dantzan eta kantuan, herrian sartu ahal izateko. Hori eginda, gosaria izaten dute sari. Goiz guztia pasatzen dute barrikadak gainditu eta jan edanean, herriko plazara heldu artean.

 

Bazkalostean, Funtzioa izaten da. Maskaradako ofizioek bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, Txorrotxek aurkezpena eginda. Ofizioen antzerki-saioen artean dantza saioak tartekatzen dira. Aitzindariek edalontzi baten gainera salto eginez dantzatzen duten Godalet-a da horien artean ezagunenetakoa.

 

Eta orain badakizu, apirila arteko astia duzu astebururen batean Zuberoa aldera txangoa egiteko! Ikus hemen 2016ko Maskaraden egutegia eta erreserbatu hemen zure irtenaldia.

PARTEKATU POST-A